Izurriak berekin ekarri du aurrez aurreko arreta gutxitzea alor askotan, eta hori adineko askorentzat traba dela salatu dute Bizkaiko 31 elkartek. Bide telematikoak nagusitu dira txertatze kanpainetan ere, eta kexu dira.
Bizkaiko nagusien eta erretiratuen 31 elkartek adierazpen bat sinatu berri dute, administrazioei zuzenduta, arrakala digitala salatzeko.Arrakala eta bazterketa digitalaren aurrean adinekoen eta kalteberen adierazpena izena jarri diote; aurrez aurreko arreta indartzeko eta aurretik hartutako orduaren beharra mugatzeko eskatu diete, besteak beste, agintariei.
Nagusiak da sinatu duten elkarteetako bat; hango diruzaina da Alfonso Sierra (Bilbo, 1943).
Arrakala digitala salatzeko agiria sinatu duzue. Arazo bat dagoela ikusi duzue?
Kontua oso argia da. Duela zenbait hilabetetik hona ikusi dugu zerbitzu publiko zein pribatuetan aurrez aurreko arretako langile kopurua urritu dutela, eta horren kaltea jende nagusiak ordaintzen dugu. Izan ere, bulegoek, COVID-19aren aitzakiarekin, langileak murriztu dituzte: hiru langile zeuden bulegoetan bakarra dago orain. Bada, imajinatu zelako ilarak sortzen diren! Telefonoz ere eman diezakigute arreta, bai; baina adineko jendeak maiz arazoak ditu hitzorduak telefono bidez hartzeko. Administrazioei zuzendu gatzaizkie, legez derrigortuta baitaude herritarroi erantzutera. Gu kontuan hartu gaitzaten nahi dugu. Izan ere, gizarte osoaren egoera hobetzearen alde egin behar dute agintariek: azken finean, adinekoek arreta ona jasotzen badute, gizarte osoak ere jasoko du.
Hemen jarraitzen du : berria.eus ->